Datorren martxoaren 25a mugarria izango da UEMAren historian. 100 udal izatera iritsiko da, eta behin zenbaki biribil horren langara helduta, ekitaldi handia egingo du Azpeitiko Soreasu Antzokian. Udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia ez ezik, euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko herri honek egin duen ahalegina ikusaraztea eta omentzea da ekitaldiaren helburua.

Euskarari dagokionez, aitzindari eta bide urratzaile izan da UEMA. 1991n sortu zenetik, ibilbide luzea egin du, eta egiaztatutako esperientzia du. Hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen ditu UEMAk, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikak ez dielako erantzuten bere herrietako errealitate soziolinguistikoari.

Honako 19 udalak izan ziren UEMA sortu zutenak: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia. UEMAn dauden udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.

Nafarroan 14 udalerri daude mankomunitatean: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun, Leitza eta Lesaka. Gaur egun 94 udalerrik osatzen dute UEMA Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da. Guztien artean, zehazki, 315.000 biztanleko lurgunea osatzen dute. Datozen asteetan, gainera, beste zenbait udalek ere UEMAko kide izateko eskaera egingo dute.

Horregatik datorren martxoaren 25a mugarria izango da UEMAren historian. 100 udal izatera iritsiko da, eta behin zenbaki biribil horren langara helduta, ekitaldi handia egingo du Azpeitiko Soreasu Antzokian. Udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia ez ezik, euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko herri honek egin duen ahalegina ikusaraztea eta omentzea da ekitaldiaren helburua.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolari eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, besteak beste.

UEMAren bidelagunak diren heinean, Euskal Herriko erakunde publiko nagusien zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. UEMAren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, UEMAren lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo duten hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian.


100 udalen langa UEMArentzat mugarria izango denez, ekitaldia ere horren araberakoa izango da, eta hedabideetan ere izango du isla. EiTBk, esaterako, zuzenean eskainiko du ekitaldia, eta ETBk bereziki landuko du, zenbait saiotan. Berria egunkariak, bestalde, ekitaldiari buruzko eta UEMA 100 udal baino gehiago izatera iritsi izanari buruzko gehigarri berezia argitaratuko du bezperan, martxoaren 24an.