Gure eskualdean ahalegin handia egin da euskarak espazio formalak irabaz ditzan: administrazioa, hezkuntza, hedabideak… Horiek ezinbestekoak ditu euskarak. Horiekin batera, ordea, espazio informalak eta ludikoak ere irabazi behar ditu gure hizkuntzak, edo horiei eutsi. Izan ere, hizkuntzarekiko atxikimendua leku askotatik elikatzen da, baina euskararekin gozatzea, atsegina lortzea eta aisialdia osatzea ere garrantzitsua da.

Ideia horretan oinarrituta, eta gaztelaniazko aisialdirako eskaintza zabala, erakargarria eta ongi hornitua dela jakinda, eskualdeko euskara zerbitzuek lan-esparru gisa hautatu zuten aisialdiarena, eta batez ere haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintza antolatzen dute urtero, ludikotasuna, ongi pasatzea, ikastea eta heztea euskararekin lotuko duten proposamenak eginez.

Aisialdirako eskualdean urtero osatzen den eskaintza, labur azalduta, eta udalerritik udalerrira alda baliteke ere, honakoa da:

 

  • Udako Haur Txokoa eta Tailerrak: udako oporretan haur eta gaztetxoentzako antolatzen diren aisialdi jarduerak dira. Goizetan egiten dira, 9:00etatik 13:00era, eta sormena lantzeko eta aisialdiaz gozatzeko prestatutako hainbat ekintza egiten da, alderdi eta gai ezberdinak landuz: ingurumena eta natura, magia, artea, sukaldaritza, bertako eta munduko jolasak, kultura, komunikazioa…
  • Udalekuak: Nafarroako euskara zerbitzuek udako hilabetetan antolatzen diren euskarazko udalekuei buruzko informazioa banatzen diete familiei.  
  • Eguberrietako tailerrak: eguberrietako oporraldian ere aisialdirako eskaintza egiten da, oporretako zenbait egunetako goizetan haurrek aukera hori izan dezaten. 3 orduko saioak izaten dira, eta osatutako taldeetan sormenezko jarduerak eta ekintza ludikoak egiten dira.
  • 12-16 urte bitarteko gazteekin aisialdi jarduerak: ikasturtean zehar adin tarte horretako gazteentzat asteburuetako aisialdi eskaintza egiten da, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean.