Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Nafarroako mendialdeko gainerako udal eta euskara zerbitzuekin lankidetzan, “Enpresan euskara txertatzeko eskuliburua” dokumentua osatu eta zabaldu du eskualdeko hainbat enpresaren artean. Argitalpenean bertan azaltzen den moduan, edozein tamainako enpresatan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamena eta gida da.
Argitalpena Nafarroako mendialdeko euskara zerbitzuok prestatu dute; alde batetik, gure eskualdeko enpresentzat lagungarria izanen delakoan, eta, bestetik, euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko, baita lan-munduan ere.
Dokumentuan gai garrantzitsu honen inguruan euskara zerbitzuek egiten dituzten proposamenak, aholkuak eta gogoetak jaso dira. Eta, bidenabar, enpresa, tailer edo komertzioei laguntza eskaintzen zaie euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko lanean aurrera egiteko.